Petrolioaren gailurra

Hubbert-ek proposatutako moduko kurba, petrolio-ekoizpenaren kasurako.

Petrolio-gailurra, petrolio-zenita (edo batzuetan ingelesetik bere horretan, Peak Oil)[1] petrolioaren erauzketa-tasa maximoa lortzen den unea da, eta, horren ondoren, ekoizpen-tasa gainbehera terminalean sartzen da. Petrolioaren gailurra petrolioaren mundu mailako erauzketa gehienera iritsiko den muga da, zeinaren ondoren, ekoizpen-tasa gainbeheran sartuko baita. Askotan etorkizuneko aurresate modura erabiltzen bada ere, gero eta aditu gehiagoren arabera petrolioaren gailurra jadanik gertatu da edo orain ari da gertatzen.

Kontzeptu hau behatutako banakako petrolio-hobien ekoizpen-tasetatik eta erlazionatuta dauden hobien eremu bakoitzaren datuetatik aterata dago. Petrolio-eremuen ekoizpen osoa modu esponentzialean hasten da normalean, ondoren gailurrera iristen da eta azkenik txikitzen hasten da, batzuetan nahiko azkar, eremua hutsik geratzen den arte edo petrolioa ateratzea errentagarria ez den arte. Kontzeptu hau Hubbert-en teoriatik aterata dago, eta hainbat herrialdetako ekoizpenetan frogatu da, eta horrela, mundu mailako ekoizpenerako ere proposatu da.

Petrolio-putzu indibidualetan ikusitako ekoizpen-tasetan antzematen da ekoizpen gailurra, alde batetik, eta bestetik, antzeko modu batean, planetan dauden petrolio-putzu guztietan, putzu guztiak ekoizpen sistema bat bezala hartuz gero. Petrolio gailurra ekoizpen-tasa azken gainbeheran hasten den unean jo dela esaten da, putzu bateko zenita, zein munduko zenita.

Ikusi egin da petrolio-hobi bateko ekoizpen agregatuaren tasa esponentzialki hazten dela hasieran, harik eta petrolio-gailurra deituriko unera iristen den arte. Halako batean hazkundea moteldu egiten da eta geroago inoizko ekoizpen tasarik altuena lortzen da: petrolio gailurra edo zenita. Une horren ondoren, ekoizpenak behera egiten du — batzuetan azkar —, petrolio-hobia agortzera iritsi arte.

Gailurraren kontzeptu hori, ingelesez Peak Oil, Hubberten teoriatik dator, eta frogatu da, behin eta berriro, petrolio-hobi jakin bati, herrialde jakin bateko barneko ekoizpen-tasari, zein petrolio-ekoizpen globalaren tasari aplika dakiokeela.

Petrolio gailurra, petrolio zenita edo ingelesetik nazioartekoa bihurtu den Peak Oil terminoa erabiltzen da, askotan, ikatz mota guztiez, petrolio mota guztiez eta gas natural mota guztiez batera hitz egiteko. Erregai fosilez hitz egiteko, oro har, eta ez petrolioaz bakarrik.

« “Oso teoria xinplea da, garagardoa edaten duen edonork uler dezake. Hasieran basoa beteta dago eta amaierarako hustu egiten da; zenbat eta azkarrago edaten duzun, azkarrago amaitzen da”. »

Colin Campbell[1]

  1. a b «Colin Campbell hil da, ‘Peak Oil’ fenomenoa iragarri zuen geologoa» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-11-21).

Developed by StudentB